16/05/2009
Ateak zabalik, parez pare
Bilboko Portuko egoitza erosi nahi du Azkunak Arte Eder museoa
handitzeko.
Maiatzaren 18an egin izan da Museoen Nazioarteko Eguna, Museoen
Nazioarteko Kontseiluak 1977an Moskun eginiko batzarrean halaxe
erabakita. Aurten, ordea, astelehena egokitu da maiatzaren 18a, eta
ospakizunak asteburura aurreratzea erabaki dute museo askok. Ekitaldi
ugari prestatu dituzte gaurko eta biharko; musika emanaldiak eta
umeentzako jolasak, esate baterako. Sarrera doan izango da, baita Bilboko
Guggenheimen ere, lehen aldiz. Eta ordutegi ohi baino zabalagoak izango
dituzte.
Araba
Dantza eta musikarekin ospatuko du Gasteizko Artium museoak asteburu
osoan. Carmen Wernerrek zuzendutako Provisional Danza konpainiak Calle
4 obra eskainiko du gaur, museoaren barruko patioan. Zenbait koreografo
gazte ere ariko dira ondoren, hala nola Maria Ibarretxe, Jorge Lastra,
Izaskun Santamaria eta Natxo Montero. Juanjo Rubio, Rafa Galvez eta
Juanjo Gillen musikariek perkusio saioa egingo dute bihar. Argazki lehiaketa
ere antolatu dute bisitarien artean.
Bizkaia
Zure hurrengo osteratxoa... lelopean ospatuko dute bihar Bizkaiko
hamazazpi museoek nazioarteko eguna. Denetan izango da doan sarrera,
eta ohi baino bisita gidatu gehiago izango dira. Artelan Berreginen Bilboko
Museoan, esaterako, era askotako pertsonaiek lagunduko dituzte bisitariak
aretoetan barrena. Arte Ederrek Museoaren Lagunen bost txartel zozkatuko
ditu bihar museora batzen direnen artean. Eta berriki irekitako Arkeologia
Museoak egitarau oparoa izango du, gaurtik hasita. Museoen Gaua egingo
du Bilbon kokaturiko zentroak, Gernikako Euskal Herria museoak eta
Bakearen Museoak bezala. Musika emanaldiak, hitzaldiak eta afari bereziak
antolatu dituzte gaur gauerako.
Gipuzkoa
Aquariumean eta Kutxagunean ez beste museo guztietan doakoa izango da
sartzea. Azken horretan, nitrogenoa ardatz duen umeentzako lehiaketa
egingo dute bihar goizean. Cemento Rezola museoan, bestalde, porlana
nola egiten den erakutsiko dute fabrikako langile ohiek. San Telmo museoak
familian jokatzeko jinkana antolatu du; parte-hartzaileak Donostiako punta
batetik bestera ibiliko dira, Urgull mendira ere iritsiz. Ekainberrin ere
eskaintza zabala izango da; garai hartako gizakiek zer-nolako bizimodua
zuten ezagutzeko aukera izango da, erakustaldi eta tailerren bidez.
Donostiako Eliz Museoa ere irekiko dute bihar; itxita egon ohi da, eta aurrez
hitzartuta bakarrik sar daiteke. Txillida Lekun ere bisita bereziak egingo
dituzte.
Lapurdi
Europako Museoen gauaren karietara, Kanboko Arnaga eta Baionako Bonnat
museoa gauaz eta urririk bisitatzeko parada emanen dute. Bosgarren aldia
da Europa osoan antolatzen dutela horrelako saioa, eta lehen urtea da
Unescok babesten duela. Museoen Nazioarteko Egunarekin hain hurbil
izatea ez da kasualitatea. Elkarri oihartzun egitea dute xede, eta horregatik
partaidetza daukate. Usaian museoetara joaten ez den publikoa erakarri
nahi dute, tartean, gazteak. Bonnat museoan, behin betiko margolan eta
eskultura klasikoez gain, Eric Poitevin argazkilariaren Hil ala bizirik, egia
harrapatua erakusketa aurkituko du bisitariak.
Nafarroa
Jorge Oteizaren poesia aztertuko du Carlos Aurtenetxe idazleak Altzuzako
museoan gaur emango duen hitzaldian. Sarrera doan izango da Oteiza
museoan asteburu osoan, baita bisita gidatuak ere. Nafarroako Museoan ere
bisita bereziak izango dira; antzerkiz lagundurik erakutsiko diete museoa
joaten diren umeei.
Bilboko Portuko egoitza erosi nahi du Azkunak Arte Eder museoa handitzeko
Bilboko Portuko egoitza erosi nahi du Iñaki Azkuna Bilboko alkateak, Arte
Eder museoa handitzeko. Campo Volantin pasealekuan kokaturiko Olabarri
jauregian dago Bilboko Portuko gaur egungo egoitza, baina aurki
Portugaleten irekiko dute berria. Jose Blanco Espainiako Gobernuko
Sustapen ministroa Azkunarekin izan zen atzo, Bilbon, eta alkateak eskaera
garbia egin zion: Olabarri jauregia Bilboko Udalari saltzea. Arte Eder
museoa handitzeko gune egokia iruditzen zaio Azkunari, eta aurreratu du
dagoeneko elkarrizketa batzuk izan dituela Portuko Agintaritzako
presidentearekin eta Estatuko idazkariarekin. Arte Eder museoa txiki geratu
dela uste du alkateak. Izan ere, 200dik gora obra daude sotoan gordeta.
Krisia gainditutakoan, museoa handitzeko proposatuko die Bizkaiko Foru
Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari
Irune Berro